HISTORIA
2013KO MAIATZAREN 26A, IGANDEA
1898-1913
Athletic Club industrializatzen hasia den Bilbo batean sortu zen. Bilbo, merkataritza hiri txikia zazpi kaleen eta Bilbo Zaharraren inguruan zirkunskribatua dago, eta bere ateak ireki eta hainbat esperientzia industrial eta finantzario biltzen dituen hiri bihurtzen da. Trenbidea dago, siderurgia handiak, ontziola handi eta txikiak, metalurgia tailerrak, mehatzeak, lantegi kimikoak, bankuak, elkarte kulturalek eta aisialdikoak, eguneroko aldizkari eta egunkariak, eta enpresari boteretsuak.
Urte horietako Bilbok beharrezko baldintzak biltzen zituen biztanleen zati esanguratsu batek berria zen 'sport"aren praktikari gogoz ekiteko. Bilbon kirolaren garapena ez da txiripa ezta salbuespena ere, eremu geografiko jakin batean eta garai jakin batean sortzen da, burgesiaren moda gisa, eta, ondorioz, urbanoa. Hirian egin ziren lehen gimnasioen instalazioak ere, gizartearen dinamismoaren adierazpen gisa hartu behar da. Bilboko burgesia oso talde aktiboa da, Europatik datorrenak erakartzen du, eta bereziki "ingelesa" den guztiak. Garai hartan Bilbo hartu zuen "anglomania"ri buruz ere hitz egiten da. Horrez gain, Bilbok atzerritar kolonia handia hartu zuen, eta horiek erraztu zuten gure herrian ordura arte ezezagunak ziren ohitura, moda eta usadioak sartzea.
Kirolarekiko zaletasuna Neguriko aristokraziari eta Bilboko burgesiari zegokion: Lawn-tennis-a, estropadak, motozikleten lasterketak, txirrindularitza, pilota eta futbola diren nagusi.
Futbolari dagokionez, Noticiario Bilbaino-k honela zioen 1894. urtean, futbolaren historiara pasako den erronka. Bertako zale batek kolonia ingelesari desafioa bota zion Lamiakoko zelaietan futbol partida jokatzeko. Partida 1894ko maiatzaren 3an jokatu zen eta bertakoentzat ez zen emaitza oso ona izan, sei "goals" eta zero. Baina haziak bere fruitu eman zuen eta bilbotarrak laster hasi ziren kirola praktikatzen.
1898an 33 futbolariz osatutako taldea jokatzeko eta futbolaz hitz egiteko elkartzen ziren Zamacois gimnasioan. Talde bat egin zuten eta legez agindu bezala ez zegoen arren Athletic club deitu zioten, eta 1901eko apirilaren 5ean Cafe Garcian Athletic Club osatzeko asanblada egin zuten.
Futbola oraindik pasioaren eta berriarekiko ikusminaren arteko zerbait zen. Garai hartan Athleticen arerio nagusia Bilbao F.C. zen. Lamiakoko zelaietara trenez hurbiltzen zen ikusle kopurua gero eta handiagoa zen -3.000 ikusle kontatzen ziren-, eta arraroa zen hipikarako ere erabiltzen zelaia beteta ez egotea.
Partida garrantzitsuak antolatzea falta zen, euskal taldeen lorpenak neurtzeko. Eta horretarako aukera Estatuko lehen txapelketak eman zuen, Alfonso XIII.aren koroatzea ospatzeko 1902an ospatutakoa. Txapelketa hau izan zen Athleticen lehen lorpena "Bizcaya" izenarekin, Athleticeko eta Bilbaoko jokalariek osatu zuten taldea, eta "Español" taldea bost eta zero, Madrileko "New Club" taldea zortzi eta bat eta "Barcelona" bi eta bat garaitzea lortu zen.
1903an, Bilbao Fcek Batzar Nagusian erabaki zuen elkartea desegitea eta bere bazkideak Athleticera pasatzea. Urte horretan bertan, Athleticek krisi gogorra gainditu zuen, eta desegitea pentsatzera irisi zen. Une larri horiek pasa ondoren arrakastak izan ziren Athleticen bidelagun: Espainiako txapeldun izan zen 1903, 1904, 1910 eta 1911n.
Futbol partidak gero eta ugariagoak ziren eta Belauste edo Pichichiren mailako jokalariak sortzen ari ziren. Zelaiek, lehenengo Lamiako (Leioa) eta gero 1910 Jolaseta (Getxo), dagoeneko ez zituzten baldintza egokiak egunetik egunera handitzen ari zen zale kopurua biltzeko. Hainbatetan txapeldun izan zen eta jokalari garrantzitsuak zituen taldeak futbol zelai bat behar zuen hirian.
Alejandro de la Sota lehendakari zela, 1913ko urtarrilaren 20an jarri zen Athletic Cluben estadio berrirako lehen harria San Mames ibarrean, eta zazpi hilabete beranduago inauguratu zen, urte bereko abuztuaren 21ean. Athletic eta Irungo Racingek jokatu zuten lehen partida. Partida bana bukatu zen. Seve Zuazok izan zuen lehen sakea egiteko ohorea eta Pichichi izan zen "Katedralean" lehen gol zurigorria sartu zuen.
